4.1.1. Bizkaiko Adinekoen Kontseilua
Kontseiluak, kide anitzeko organo aholkulariak eta kontsultarakoak, Bizkaiko Foru Aldundiaren Gizarte Ekintzako Sailera atxikita dagoenak, 39/2006 Legearen (AMAL) aplikazioa eta garapena nola balioetsi dituzten jakinarazi digute, eta era berean, Autonomiarako eta Menpekotasunari Arreta emateko Sistema (AMAS) hobetzeko proposamen multzo baten berri ere eman digute, 12/2008 Legean, abenduaren 5ekoak, Gizarte Zerbitzuei buruzkoan, xedatutako Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren testuinguruan:
Orain, Kontseiluaren balioespenaren eduki nagusiari buruz hitz egingo dugu:
– Lege hori aurrerapen eztabaidaezina da gizarte-politiken arloan, eskubide subjektibo gisa prestazioak eta zerbitzuak eskuratzea aitortu eta arautzen baitu.
– Bermatu beharreko baliabideak nahikoak diren jakiteko aurretik azterketa ez egiteak, gutxienez araudia ezartzeko lehen urratsetan, profesionalak libre egoteko eta prestatzeko arazoak eragin ditu, sartze-prozedura arrazoizko epeetan egiten dela ziurtatzeko.
– Sistema iraunkorra egingo duen egituraren plangintza eskasa hautematen da, bai eta finantzazio defizita ere sistema abian jartzeko nahiz ondoren sistemari eusteko.
– Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren iraunkortasunari eta finantzazioari buruz sakon hausnartzea beharrezkoa da.
– Hasierako komunikazio-estrategiak itxaropen handiak sortu zituen herritarren artean, sistema martxan jartzeko beharrezko baliabideak, irizpideak, tresnak eta prozedurak oraindik ezartzeko zeudenean.
– Prestazioak eta zerbitzuak eskuratzeko atzerapena azpimarragarria da.
– Mendekotasuna balioesteko, eta prestazioak eta zerbitzuak eskuratzeko prozedurak –Legea onartu aurretik jada bazeuden prestazio eta zerbitzu gehienak– are gehiago burokratizatu du haien esleipena eta lehen eta bigarren mailako arretako gizarte zerbitzuetan kolapsoa eragin du (balorazio- eta diagnostiko-taldeetan saturazioa, itxaro-zerrendak…). Oinarrizko gizarte zerbitzuak saturatzeak mendekotasunaren balorazio-eskaerarekin batera joan behar duten gizarte-txostenak egitea baldintzatu du.
– Legeak Autonomiarako eta Menpekotasunari Arreta emateko Sistema (AMAS, 2007-2014) pixkanaka ezartzeko xedatu duen aldia gehiegi luzatu dela uste da. Aldi horretan, prestazioak eta zerbitzuak jasotzeko eskubidearen eraginkortasuna pixkanaka gauzatuko da, pertsonaren mendekotasun-mailaren arabera.
– Autonomiarako eta Menpekotasunari Arreta emateko Sistema (AMAS) sartzeko unibertsaltasuna ez dago bermatuta praktikan (arretan izan beharreko gutxieneko babes- eta intentsitate-mailei dagokienez izan ezik). Izan ere, zerbitzu-sarea oraindik ez dago erabat ezarrita (hori dela eta, zerbitzuari lotutako prestazio ekonomiko bat ematea aztertzen ari dira, zerbitzua eskuratu ezin dutenentzat).
– Autonomia-erkidegoen, lurralde historikoen eta udalerrien artean desberdintasun esanguratsuak daude prestazioei eta zerbitzuei, horiek eskuratzeko baldintzei, arretaren edukiari eta intentsitateari, prestazioen eta zerbitzuen bateragarritasunari edo finantzaketan ordaintzeko betebeharra duten pertsonen partaidetzari dagokienez.
– Zerbitzuen eta prestazioen katalogoak laguntzeko izaera nabarmena duela hautematen da.
– Legeak ez du argitzen prebentzioaren eta autonomiaren sustapenaren arloan zer ekimen mota bultzatu nahi dituen (15. eta 21. artikuluak).
– Arreta-maila arrunt oso oinarrizkoa bermatzen du, prestazioek eta zerbitzuek jada autonomia-erkidego, lurralde historiko eta udalerri batzuetan zuten garapenarekin lotuta. Hala, Bizkaian, legeak xedatzen dituen zerbitzuak eta laguntzak jada ezarrita zeuden, gaueko zentzuak eta prestazio ekonomikoak izan ezik. Legea pixkanaka ezartzetik eratorritako konpromisoek, orain arte, ez dituzte gorantz aldatu Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Ekintza Sailak jasotako helburuak zerbitzu eta laguntza horiei dagokienez. Gainera, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemako prestazioen eta zerbitzuen katalogoak eta Gizarte Ekintza Sailak garatutako programek barne hartzen dituzte 39/2006 Legeak jasotzen ez dituen ezinduei laguntzeko eta autonomia sustatzeko zerbitzuak, hala nola laguntza-zerbitzuak zaintzaileei, eta gizarte zerbitzuen alorrean parte hartzeko eta gizarteratzeko zerbitzuak .
– Mendekotasuna Balioesteko Baremoa (MBB) ez da egokitzen adimen urritasuna duten pertsonen errealitatera, ez eta gaixotasun mentalak dituzten pertsonen errealitatera ere. Izan ere, tresna hori eguneroko bizitzako oinarrizko jarduerak egiteko ahalmen funtzionala balioesteko da.
– Legeak gizarte zerbitzuen sisteman jartzen du arreta osoa, nahiz eta aipatu gizarte- eta osasun-koordinazioa sendotzea beharrezkoa dela.
– Bi arrisku hautematen dira:
• ezinduei laguntzearen eta autonomia sustatzearen eta gizarte zerbitzuen sistemaren artean identifikatzeak behar horiek dituen beste sistema batzuen konpromisoa murriztea (hala nola osasun-sistemarena);
• gizarte zerbitzuen sistemak ezinduei laguntzen eta autonomia sustatzen jartzea indar osoa, berezkoak dituen eta adinekoei ere eragiten dieten beste behar batzuen arreta baztertuz.
– Legearen hasierako proiektua adinekoei zuzenduta zegoen. Beraz, azkenean, ez ditu beste talde batzuen beharrak jaso, eta ez dago pertsona autonomoengana zuzendua (zerbitzuen, prestazioen eta autonomia sustatzeko neurrien definizioan defizit bat dago). Horrenbestez, ez da autonomia sustatzeko eta mendekotasun-egoeran dauden pertsonen arretarako lege integral bat.
– Legeak hirugarren sektorearen partaidetza historikoa eta administrazio publikoei gizarte zerbitzuak ematen eskainitako laguntza aitortzen du, baina ez dio tratamendu bera ematen laguntza informalari.
– Etxeko laguntza-zerbitzua (ELZ) eskuratzeko egungo baldintzek laguntza hori beharko luketen pertsona ugariri zerbitzu hori erabiltzeko asmoa kentzen diete.
– EAEk geriatriako espezialitatea ez izatea salatzen dute.
– Tokiko erakunde batzuk zorrozki aplikatzen ari dira legea ezartzeko egutegia. Horrenbestez, I. gradua II. maila dutela balioetsi zaien pertsonek ez dute etxeko laguntza-zerbitzua (ELZ) jasotzeko eskubiderik izango 2011. urtera arte. Halaber, 727/2007 Errege Dekretuan ezarritako gutxienekoei emateko arretaren intentsitatea doitzen hasi dira (70 eta 90 ordu artean hilean III.2. graduarentzat.; 55 eta 70 ordu artean III.1. graduarentzat; 40 eta 55 ordu artean II.2. graduarentzat; eta 30 eta 40 ordu artea II.1. graduarentzat).
– Familia-ingurunean zainketak emateko prestazioak (FIZPE) zainketa-lanak aitortzen ditu. Egiatan, emakume askok egiten dituzte lan horiek, eta hala, gizarte segurantzan afiliatzeko, alta emateko eta kotizatzeko aukera izango dute. Prestazio hori ematea, salbuespenekoa izango zela aurreikus arren, orokortzen ari da zerbitzuen kalterako. Izan ere, plazen eskaerak eguneko zentroetan atzera egin du.
Kontseiluak, adierazitako gaiak aztertu eta gero, hobetzeko zenbait proposamen jakinarazi dizkigu:
– Prestazioak eta zerbitzuak eskuratzeko epeak murriztea, bai eta balorazioa egiteko eta Banakako Arreta Plana eskuratzeko batez besteko denbora ere, prestazioak eta zerbitzuak eskuratzeko prozedura erraztea (eskaera online BFAra iristea, Gipuzkoan egiten den bezala), eta erabiltzaileei eskainitako informazioa eta orientazioa hobetzea.
– 12/2008 Legearen markoan, zerbitzuen katalogoari buruzko dekretuaren (zerbitzuen eta prestazio ekonomikoen edukia ezarri beharko du, besteak beste, baina baita horien zenbatekoak, horiek eskuratzeko baldintzak eta baterako ordainketa), Gizarte Zerbitzuen maparen, EAEko gizarte zerbitzuen plan estrategikoaren eta memoria ekonomikoaren arteko beharrezko koherentzia bermatzea.
– Atseden-zerbitzua, foru-erantzukizuna duena, zaintzaileei laguntzeko zerbitzuarekin, udal erantzukizuna duenarekin, lotzea.
– Zerbitzuen eta prestazioen erabilera konbinatua kontuan hartzea, esku-hartzea pertsonen eta bere laguntza-sare informalaren beharretara eta ahalmenetara egokitzeko moduan. Hala, esate baterako, mendekotasun handiko egoeran dauden pertsonen kasuan, beharrezkoa litzateke etxeko laguntza-zerbitzua beste prestazio edo zerbitzu batzuekin konbinatuta sustatzea. Izan ere, pertsona horientzat gehienez ezarritako hileroko 90 arreta-orduak ez dira nahikoak. Halaber, komenigarria litzateke familia-ingurunean zainketak emateko prestazio ekonomikoa etxeko laguntza-zerbitzuak, eguneko zerbitzuak, gaueko zerbitzuak eta atseden-zerbitzuak eskuratzearekin bateratzea (aukera horiek jada kontuan hartzen dira Araban eta Gipuzkoan, dagozkien kenkariak aplikatzearen bidez).
– Gaur egun, Bizkaian, mendekotasun-egoeran dauden pertsonei eta haien senideei arreta bermatzen jartzen da arreta osoa. Hala ere, hori guztia bezain garrantzitsua da mendekotasuna prebenitzea eta autonomia sustatzea, lehen mailako (telelaguntza, ELZ, laguntza-zerbitzuak familia zaintzaileei) eta bigarren mailako (estimulazio goiztiarra, atseden-zerbitzua) arreta-zerbitzuak sustatzearen bidez. Era berean, beharrezkoa da adinekoen zahartze aktiboa eta gizarte-partaidetza laguntzen duten programak babestea eta erraztea, beste arreta-sistema batzuekin lankidetzan: Hezkuntza (ikaskuntza bizitza osoan zehar), kultura (aisialdira sarbidea, aisialdi aktiboa sustatzea), etab.
– Etxeko laguntza-zerbitzuaren bideragarritasuna epe ertainera eta epe luzera bermatuko duten formulak bilatzea.
– Zenbaitetan, eguneko zentroak behar baino gutxiago erabiltzen dira. Horrenbestez, komeni da laguntza-baliabide horien okupazio handiagoa bermatzeko formulak aztertzea (ordutegiak malgutzea, egun erdia edo asteburuak egoteko aukera, baliabide hori egokitzea mendekotasun arina edo neurrizkoa duten pertsonen arretarako, zentroen eskaintza lurraldean banatzea, etab.) edo, aitzitik, eskaini behar diren plazen bolumen osoa berriz aztertzea.
– Gaueko zentroen –edo zerbitzuen- ezaugarriak argitzea eta beren behar eraginkorra aztertzea, ia ez baitago eskaririk. Bi esperientziaren berri dago: bata, Gasteizen, EULENek kudeatutako titulartasun publikoko zentro batean, eta bestea, Donostian, Matia Fundazioaren Julián Rezola zentro gerontologikoan.
– Txandaka lan egiten duten pertsona zaintzaileei edo egunaren bukaeran eta gauean asaldura-arazoak jasaten dituzten –gauean nora ezean ibiltzea, suminkortasuna, agresibitatea edo zaintzaileari aurre egitea– dementziak dituzten pertsonak zaintzen dituztenei laguntzeko balioko lukete, atseden har dezaten eta egunez zainketa-lanekin jarrai dezaten.
– Bizkaiko Foru Aldundiak, Gipuzkoakoak eta Arabakoak ez bezala, ez du arautu zerbitzuari lotutako prestazio ekonomikoa. Badirudi komenigarria dela zerbitzua arautzea, 39/2006 Legearen eta Gizarte Zerbitzuei buruzko 12/2008 Legearen arteko koherentzia bermatuz[70].
– FIZPEren erabilera desegokiak saihesteko eta zaindutako pertsonaren nahiz zaintzailearen borondateari erantzuten zaiola bermatzeko kontrol-neurriak ezartzea (zainketak emateko eta zenbait kasutan aldian aldiko ebaluazioak egiteko zaintzailearen gaitasunak zehazteko irizpideak finkatzea). Saiatu behar da FIZPE ez izaten saturazioagatik edo eskuratze-epeen gehiegizko atzerapenaren ondorioz beharrezko baliabidea esleitu ezin denean jaso beharreko prestazio bat.
– 39/2006 Legearen 36. artikuluan aurreikusitako profesionalak eta zaintzaileak prestatzeko eta gaitzeko neurriak sustatzea.
– Osasun Sailarekin protokolo bat ezartzea, lehen mailako arretako medikuek hirugarren pertsonentzat txostenak egiten dituztela bermatuko duena, mendekotasun-egoerak baloratzeko beharrezkoak direnean.
– Esku-hartzearen aldian aldiko jarraipena bermatzea. Jarraipen- eta kontrol-sistemak ezartzea.
– Mendekotasuna balioesteko tresnak (MBB) eta orientabide-tresnak (BAP) 12/2008 Legean aurreikusitakoekin konektatzea: gizarte-fitxa eta arreta pertsonalizaturako plana.
– Gizarte- eta osasun-koordinazioan aurrera egiten jarraitzea, baterako erantzunak hobetzeko: beharrezkoa da osasun-sistemak nahiz gizarte-zerbitzuenak aurrera egitea mendekotasun-egoerei egokitutako erantzunak eratzeko moduari buruzko hausnarketan, bi sistemen iraunkortasuna bermatuz epe ertainera eta epe luzera. Beraz, premiazkoa da zenbait gairi heltzea, hala nola bilakaera kronikoko gaixotasunen arreta, mendekotasun-egoeren prebentzioa eta bizi-baldintza osasungarrien sustapena, erabiltzailearen inplikazioa, eta lehen mailako arretaren eta ospitaleko arretaren arteko koordinazioa hobetzea.
[70] Proposamen horiek Bizkaiko Foru Aldundiak 90/2010 Foru Dekretua, ekainaren 29koa, mendetakosuna duten pertsonentzako Bizkaiko foru egoitzen zerbitzuari loturiko prestazio ekonomikoa arautzen duena argitaratu baino lehen jaso ziren.